NONDIK 43

NONDIK 43ko ARTIKULU OSAGARRIAK:

Oharra: artikuluon lehen zatia NONDIK 43 aldizkarian argitaratu dira; osorik hementxe.

  • Rezola Eskisabel, Inazio
    1.- BIGARREN HIZKUNTZA IKASTEKO MOTIBAZIOA ETA BALIOAK
  • Segurola Aldai, Joxe
    2.- ZORNATURIKO ETA KIRASTURIKO ARIMAREN ZAURIAK
  • Gerra, Maria Jesus
    3.- EGUN BAT ATAUNEN
  • Aizpurua, Jexux
    4.- BONEKO AZKEN TESTIGANTZA

1.- BIGARREN HIZKUNTZA IKASTEKO MOTIBAZIOA ETA BALIOAK


Bigarren hizkuntza ikasteko, gure kasuan, euskara ikasteko, argi dago autoa egiten
duen orok arrazoi edo motibazio bat edo gehiago izan ditzakeela batzuek lanerako behar
dutelako ikasi nahiko dute, beste batzuek naturaltasunez harremanak euskaraz izateko,
seme-alabei laguntzeko, eta beste zenbaitek Euskal Herrikoa delako, eta betebeharra dela
uste duelako. Sarritan motibazio edo arrazoi bat baino gehiago duen jendea izango dugu
gure hizkuntza ikasten ari dena. Dena den, ibilbide horri ekiten dionak jakin behar du bidea,
askotxotan, oso malkartsua izango dela, aurrera egitea, jarraitzea ez dela beti bidaiari ekiten
diogunean pentsatzen dugun bezalakoa izango. Oso motibatuak egon arren, zenbait aldagai
eta balio oso kontuan izan behar ditugu bidea osasuntsu egin nahi badugu.
Lehenik eta behin, denbora da kontuan izan beharreko aldagaia. Denbora, gure
gizarte “moderno” honetan hain preziatua den altxorra, ohikoa da, denon, edonoren
ahotan/ahotik “ez dut denborarik” entzutea; hortaz, jakinda eguneroko horretan xahutuko
dugula ia energia guztia, ongi pentsatu beharko genuke geratzen zaigun apur hori zertan eta
nola gastatuko dugun.
Behin denboraren aldagaia aztertuta, jakin behar dugu euskaraz bizitzeko dugun
motibazioak eta norberaren balioek harreman zuzena dutela. Hiru dira euskara sustatzeko
proposatuko nituzkeen balioak: integritatea, erantzukizuna, asertibitatea.
Integritatea esan eta izan da, esaten dena eta egiten dena, integritatez biziz gero,
ezin da norbera euskalduna dela esan eta euskaraduna ez izan. Gure bideari ekiten
diogunean, euskaldun izateari, nahiak eta gogoak, esanak eta izanak bat etorri behar dute.
Pentsatzen dugunak eta egiten dugunak bat etorri behar dute, beraz, gure kasuan integroak
izango gara euskaldunak garela esan eta euskaraz hitz egiten dugunean, sarritan horri ez

diogu garrantzirik ematen, baina horrela egiten badugu, alde batetik, indartu egiten da gure
buruarengan dugun konfiantza, eta, bestetik, sinesgarri eta erakargarri egiten gaitu.
Erantzukizuna, edozein egoeraren aurrean bi jarrera har daitezke, erantzukizuna
onartu edo errua kanpokoari egotzi, erantzukizunak onartzeak indartu egiten gaitu, eta
aurrera egiteko indarrak eman, errua kanpokoari egoztean, aldiz, ahuldu egiten gaitu; izan
ere, uste dugu ez dagoela gure esku. Euskaldunak gara norbere euskara-erabileraren
erantzule
Horretaz gainera, edozein egoeraren aurrean sinesgarri izan nahi badugu,
erantzukizun osoa hartu behar dugu. Izan ere, edozein egoeraren aurrean bi jarrera har
ditzakegu, erantzukizuna hartu, edo errua kanpokoei egotzi. Gure bidaian, euskaldun
izatearen bidaian, helmugara irits gaitezke edo ez, baina erantzukizuna gure gain hartzen
badugu, emaitza aldatu egingo da eta aurrera egiteko prest egongo gara, aldiz, errua
kanpokoei leporatzen badiegu, hots, hezkuntza sistema, gizartea… indargabetu egingo gaitu,
eta biktibismoan eror gaitezke.
Eta zer esan asertibitateari buruz, bada, euskararekin ere asertiboak izan behar
dugula, gure nahiak eta balioak lehentasuna izan behar dute besteen nahien eta balioen
aurrean; ondorioz, erdarara jotzen badugu besteei gustatzen ez zaielako, edo besteek onartu
gaitzaten, ez gara asertiboak izango, eta indargabetu egingo gaitu, izan gaitezen asertiboak,
horrek lagundu egingo baitu/baitigu erabilera indartzen, eta horrela jokatuta euskaldunak
garela erakutsiko dugu.
Motibazioa hari-mutur asko dituen hitza dela ikusi dugu, baina orain arte
norbanakoaren motibazioaz aritu naiz; dena den, datuek diote 30.000 pertsona inguru
dabilela, egun, gure euskaltegietan euskara ikasten (Urte asko dira, gurean, euskara
hizkuntza ofiziala dela, eskola asko eta asko D ereduan soilik dira, eta, hala ere, gure
euskaltegiak nerabez eta gaztez beteta daude). Horrenbestez, beste hausnarketa bat egin
beharko genuke banakoarengandik at dagoena, eta hor herri baten kultura eta zor zaion
errespetua dago agerian. Zer da, ba, kultura? Kultura dena da, hizkuntza da, historia da,
bizitzeko modua da, besteen aurrean azaltzeko modua da; eta nago arlo honetan ez ote
gabiltzan oso herren, gure prentsa, komunikabideak ikusi besterik ez dago euskara zer eta
non dagoen ikusteko. Eta, errespetua? Ustezko errespetuagatik hiz egiten dute euskaldun
askok erdaraz, beharbada, norbaitek ez duela ulertuko eta. Hori ikusi, erakutsi eta eskatu ere
egin zaigu, ez gara asertiboak izan; hala ere, ikasi dugu, eta inoiz ez da berandu, nork bere
herrian norbere (bertako edo jatorrizko edo…) hizkuntzan hiz egitea ez dela errespetu falta,
ez ote da errespetu falta hori eskatzea?

Rezola Eskisabel, Inazio

2.- ZORNATURIKO ETA KIRASTURIKO ARIMAREN ZAURIAK


Herenegun arratsalde berandura eroritako euriz asea errekastoak oso puzturik,
irakiten eta apartsu jaisten dira gure ibarretara, egunean baino egunean
gehiago…Egunsentiko lehenengo eguzki printza edo orratzak igartzen dira itsumustuka
muino gainetan eta mendi erpinetan nola kokatzen diren nagiro. zelai zabaletan, eguzki
itzalen jokuak nabarmenduz…Lurbira-azalari muin hotz bat opaz, amodiorik gabeko musu

izoztu baten iduri…
Nazaretheko Joshuarena maitasunezko kondairarik xarmagarriena da. Jainkoa gizon-
emakumeen historian kirikolatu zenekoa. Historiagile judu batek zioen bezala (Flavio
Josefok) behin maisua hil eta gero jarraitzailerik ez zela geldituko, susmoa, ez zen bete,
bikoizten eta hirukoizten joan ziren kristauak. Jesusena da Jainkoak gure historian bete-
betean esku-hartu zuenekoa; gizon-emakumeen ikuskera, pentsakera ta sentiera irauliz; hitz
batez, hankaz gora jarri zuen, Bere bizkar gain jasotako gurutzea gure ikur, indar, arnas eta
argi bihurtuz.
Joshua da mezularia eta mezuaren edukia. Ezinezkoa da arau, agindu, prezeptu soil
batzuetara mugatzea. Transzenditzen ditu. Jesus berbera , bere bizitza, izpiritua, karisma eta
gizatasuna ardatz eta eredu. Gure espektatibak txito orpoz ipurdi…
Guztiak gudari baten antzeko norbait itxaroten zuten. David Berria, uniformez
jantzia, ezpata eskuan eta zaldi zuri baten gainean gudaroste bat gidatuz (Macho-alfa).Gure
parametroz gain Jainkoak bestelako norbait bidali zuen bere lehentasunak ezarriz. Elkarri
zaindu eta begiratzeko agindua emanez eta bere egunerokoan horrela eginez, garai haietan
emakumeen zeregina zena eta azken putzekoa lehenetsiz . Jainkoak beste paradigma
batekin bere lehentasunak proposatu zizkigun. Elkarri zaintzeko eskaera luzatu zigun.
Errukia, elkartasuna, apaltasuna, barkamena, doagabeko maitasuna (preziorik gabekoa,
guztiz desinteresatua) bere ikur eginez eta azken muturreraino eramanez…
Elizaren kondaira behazunez eta eztiz txotidua dago, sitsak edota pipizuloz jositako
habe zaharrak ordea, oraindikan zutik dirau. Elizaren buru den Aita Santua gizon zentzuduna,
kato-katoa, sentibera eta buruargia, gure ezaugarri edo erreferente moral eta etiko
bihurtuz…. Frantzisko Aita Sainduari, ezin uka, den-dena orpoz ipurdi jarri zaiola; Arazo
konplexu ta poliedrikoak eta norabide anitzeko konponbideak eskainiz aurrera egin duela.
HIL-KANPAIAK KRISTAUTASUNARI??? EZ DAGO HALAKORIK!!! Orain lozorroan gaude
bainan Europak bere oparotasuna galtzean gure handi-uste eta harro-haizeak baretuko dira
eta zor diogun begirada xalo, xume eta xamurragoa bihurtuko da. Gure iraganari begiratu
besterik ez horren ezaupide zornatua eta kirastua izateko . Badira bihotz barrua gorrotoz
zirakienak eta Eliari inpernutzuloko sacamantecas bailira begiratu izan diotenak. Hala ere,
ziurrenik, Elizak bere lekua izango du 2.000 urte eta gero ere…
Nik ezaupide izan dudanetik ELIZA ETA EUSKARAREN HERRIA UZTARTURIK ezagutu
izan ditut. Gure historia, artea, literatura eta kultura ulergarria izateko erlijioarekin estu-estu
loturik daudela eta hainbat gertakizun eta pertsonaia historiko, artistiko, literario ulergaitzak
izango litzaizkigukeela. Hara hor bestela “Linguae Vasconum Primitiae”(1.545) Nork daki
aurrena idatzi zen euskal liburua apaiza batek idatzi zuela eta bertan erlijioa, maitasuna eta
euskara zituela hizpide? Hainbat artelan (koadro, giza-irudi, liburu…) eta gertakizun nola
ulertu testuinguru honetan ez bada?
Jainkoa, ona da inor onik bada, idoro eta aurkitu nahi duenarentzat, Nere urratsak
hara zuzentzea nahiko nuke, inolako itzulingururik gabe. Jainkoak bere bideak ditu gizonak
ezin konpreni ditzakeenak. Hala ere, itsumustuan bada ere. Saihestuta, amilpean eror ez

gaitezen, bere bide ezagugaitzetan mugarri batzuk ezartzen dizkigu. Bera ona da, inor onik
bada. Bere argi dirdaitsuak umatu ditzala gure bihotzean barrena erne eta zoritu, biztu eta
goritu ditzala neurrigabeko maitasun sutsu eta garbia.
Posdata.
Iturri zaharretik txurrut egiten dut, ur berria , beti berria den ura, betiko iturri
zaharretik. JA Artzek kristautasunari begira albaindu zuena eta gero beste askok bere egin
dutena…

Joxe Segurola Aldai

3.- EGUN BAT ATAUNEN

Uztaila zen. Paristik Donostiara etortzeko zegoen Euken Ostolaza lagunak, kultur
ibilaldiren bat egin nahi zuela esan zidan. Galdetu nion ea ezagutzen zuen Joxemiel
Barandiaran Museoa. Ezetz. Berehala bidali nion uaxapa gure Jon Aizpuruari. Uztailaren
28rako geratu ginen.
Iritsi da eguna eta hor goaz Atauna Euken, honen anaia, Iñaki, eta hirurok. Udaletxe
aurrean dago Jon zain, San Martin auzoan. Diosala adeitsua egin digu, elkarren ezagutza bai
baitute zamoratar eta ostolazatarren Leku Eder ostatutik. Ataunen ere ikusteko gaude leku
ederrak, eta dastatzeko Urbitarte Sagardotegiko jaki eta mama goxoak. Aiako auzo garaiak,
baso eta belaze, baserri eta bide, egunaren hondarrean. Baina aurretik bazen besterik.
Jonek prestatu zigun egitarauko lehen geldialdia San Martingo parrokian egin
genuen. Juantxo Auzmendik ireki zigun atea. Zabala eliza, argia, garbia. Pauso batzuk egin
eta albo batean San Sebastianen irudia agertu zitzaigun Donostiatik joandakooi; aurrean,
berriz, erretaula, bikain askoa; atzera itzuli, begiak jaso eta hantxe, koruaren saihetsean,
organo barrokoa.
Zer biziko ote zuten orain laupabost mendeko ataundarrek erretaulari so. Hango
urre-kolorea! Hango irudi eta margoak! Eta geroago, organo hura! Ez da erraza guretzat
garai haiek sumatzea: pelikula historikoei ez darie kiratsik baina aspaldi hartan urik ez
etxean, lokatzaria, garbitasun eza… Bizitza gogorra. Eta hala ere, edertasuna. Gizakia
edertasun bila, eta, gauza itsusien artetik, gauza ederrak sortzen. Elizako irudiak eta musika
inspiratua, jendearen harrigarri, gozagarri, barrua argitzen eta zabaltzen, bihotza hunkitzen
eta altxatzen, arnasa sakontzen eta luzatzen… kristauarentzat apostolutza da, edonorentzat
esperientzia ona.
Kultura datorkit edertasun horren aurrean, gizatasuna eragiten eta jasotzen duen
muin hori. Eta eliza, begirada altxarazten digun gune berezia, oinak lurrean eta begiak gora,
zabalik, gure baitan itxi gabe eta, aldi berean, gure baitan bildurik, “ez gara gure baitakoak”
esateraino. Gaur ere maite ditugu gauzaok, eta ederzaleak gara, baina, ez dakit ez ote
gatzaizkion arnasa motzeko kultura bati haizea ematen ari, itsuskeria, hutsalkeria, iluna on
eta normaltzat joz. Gure baitaratuegi-edo ote gauden.
Atera gara elizatik eta agur esan diogu Juantxori. San Gregoriora jo aurretik, eliza
atzeko parketxoan pausatu gara, Agauntza erreka ertzean. Hor dira Enetz eta Nara, Eneritz
eta Ioritzen seme-alabatxoak, Jon eta Justiren biloba xamurrak. Laguntxoekin jostatzen.
Isildu dira gu ikusita. Arrotzak izan. Gustatu zait lotsa punttu hori, zuhurtasunez zipriztindua.
Gure haurtzaroa oroitarazi dit. Badira haur gehiago, lasai eta alai dabiltza. Eta Ekai txikia,
kuian, lo. Ataundar lore berriak. Euskaraz, Ataungo hizkeran. Sustrai ona euskaldun izateko.

Erroak eta nortasuna ematen digu euskarak, bai. Elizako ikustaldi amaieran, XVIII.
mendeko gertaera bat kontatu ziguten Jonek eta Juantxok. Orduko jauntxoak apaiz
erdalduna ezarri ez zuen ba parrokian, euskaraz ez zekiena! Ataungo kristau herria ez dago
prest holakorik onartzeko. Zer egingo eta, eliza giltzatu eta sartzen utzi ez apaizari. Borrokatu
ziren eta irabazi. Apaiz euskalduna lortu zuten. Zer den duintasuna eta nor izatearen
kontzientzia! Jakingarriak dira horrelako gertaerak. Belaunaldi berriek ezagutu beharrekoak.
Ume horiek joango dira noranahi, Mexikora, Alemaniara edo Oxfordera, mundua eskura. Ez
dira lehenenak munduan barrena ibiltzen. Orain, gainera, mundua sartu zaigu etxera. Kontua
da ondo errotuta egotea. Horrela ez dago galtzeko beldurrik. Hori ematen du Ataunek.
Eta orain bagoaz San Gregoriora. Sara Etxea ikusi dugu. A ze oparia. Handik, Museora.
On Joxemiel Barandiaranen lana eta jakinmina erakusten duten lekuak. Maitasunez eta
miresmenez mintzo zaigu Jon gizon jakintsu hari buruz, Pilar ilobaz ere begirune handiz.
Iruditzen zait, gure lagun Jonentzat, Sara Etxea eta inguru haiek ez direla oroimena soilik,
oroitzapena direla: barandiarandarrekin bizitakoa hausnartu, pentsatu eta bereganatuta
ataundar eta euskaldun izaten erakutsi dioten bi pertsona ageri zaizkigu Sara Etxeko txoko
eta geletan eta Museoko aretoetan kontatu dizkigun pasadizo eta gogoetetan.
Horiek horrela, Xabier Letek Juan Mari Lekuonaz idatzitakoak datozkit gogora:
“jakintzaren eta gizatasun pertsonalaren lekukotza eman zutenen autoritatea (intelektuala
eta etikoa) ez bakarrik garrantzitsua, baizik erabakiorra izan zen”. Euskal klasikoen artean
dugu Barandiaran. Beste batzuk ere badira arlo desberdinetan, gugan euskal nortasuna
errotu, sendotu eta zabaldu dutenak, eta berriro Leteren hitzak hartuz, horrelako pertsonek
irakatsi digute “euskaldun izan gintezkeela, oso sakonki euskaldun, inolako lokalismo antzu
eta tribukeriatan erori gabe” eta “fratria batetatik pasa gintezkeela demosera, bidean gure
funtsezko nor izateari uko egin gabe, ekarri, pentsamendu eta ikuspegi zabalagoekin
aberastuz”. Beharrezkoak ditugu erreferenteak, gureak, eta itzala duten aurrekoak ezagutu,
bereziki gazteek, besterentzen duten modek eta joera sasi-aurreratu eta arrotzen esku ez
geratzeko. Euskaldun izaten jarraitzeko.
Uztaileko ostegun azken osteguneko arrasto batzuk saiatu naiz lerroz lerro biltzen.
Joni eskerrik asko, eta goraintziak gurekin ibilitako denei. Merezi du Ataunen egun-pasa
egitea, alafede.

Maria Jesus Gerra

4.- BONEKO AZKEN TESTIGANTZA


Boeneko Maitere Arruabarrenarekin solasean; etxea saldu du eta gaur du Bonen bere
azken eguna

Lekua: Bone/Boenea (Arrondo)
Ordua: 17:05/19:40
2010eko otsailaren 24a (asteartea)
Eguraldia: 15°. Hego-haizea. Udaberri-usaina
Berri-emaileak:

  • Maitere Arruabarrena Barandiaran (71 urte)
  • Jexuxa Barandiaran Eskisabel (85 urte)
    Andreseneko zubian lauzpabost auto baziren eta Lazkaotegi eta Aranburuene bitartean
    aparkatu dugu, Rafaelene parean itzulia eman ondoren. Lazkaotegi eta Ermentariko ataritik
    hurbildu gara Boenera. Tinbrea bitan jo dugu. Maiterek ireki digu atea eta ezkaratzetik 1.

solairura igo gara sukalderaino. Ekonomika piztuta zeukan eta tarteka egur-puska batzuk
bota ditu surtara. Gure ama azkeneko aldian eseri zen tokian jarri nahi zuen eta halaxe egin
du; leihoari bizkar emanda. Ni neroni atea aldean eseri naiz eta Maitere erdian, sua atzean
zuela. Kafea ere prestatu digu. Bera ere oso kafe zalea omen da eta. Mahaian telebistako bi
mando.. Horman bi erloju.

Aspaldi honetan SALGAI egon da BOENE etxea eta egunotan saldu dute; eroslea
Ordiziako familia gazte bat bi umerekin. Baliozko gauzak eramanda dituzte eta gainerakoa
bertan utziko dute. Altzari asko pipiak jota omen dago.
Argazki zaharrak prest zeuzkan eta batzuei bertan atera diet argazkia (gurasoak,
senideak eta abar).
Boene, garaian, Urdangarinberrikoaren “Kotxera” omen zen; Ezkaluenekoena
(imaztarrak). Etxea Andresenetik goraka, Bordatxo eta Urdangarinberri etxeen tartean
dago; errepidean goraka goazela ezkerretan bihurgune-bizian. Iparraldeko estratatik gora
Irango askara eta gero atarira irteten da. Hegoaldera soro ederra du, Ermentari ondoko
Loibepe etxearekin muga eginez. Sukalde parean aparkaleku txiki bat eta baratzea.
Leihatiladun atea du, duela gutxi egindakoa. Barruan ezkaratza ederra eta aurreraxeago
ukuilua; ganbelak eta sororako aitzur eta igitaiak ere badira…
Orain arte –duela 2 urte- bertan bere ahizpa Maria Pilar (1939-X-03) alarguna bizi zen
eta azkeneko urteotan Maitere bera ere, alargunduta, bertan egoten zen denboraldi luzez.
Maiteren gurasoak:

  • Anton “Anton Bone” Arruabarrena Eskisabel (aita Irango Inazio eta ama Ertzillegiko
    Mikela).
  • Joana Barandiaran Irastorza, Domekaenekoa (aita Aietziogoikoa eta ama?

Maitere eskolan San Martinen ibili omen zen Lazkaoko Maria Karmen
Sasianbarrenarekin.
Gerra ondorenean, guardia zibilak etorri omen ziren etxera eta haiek atarian ikusi
zituenean, ikaratuta sukaldeko leihotik Kotxera aldeko sorora salto egin omen zuen. Gero
bere ahizpa Maria Pilarrek esan omen zion, aitaren eskopetaren bila etorri zirela eta, berriro,
etxera itzuli egin omen zen. Inguruko bizilagunen baten salaketa izan omen zen. Harrezkero,
guardia zibilik ez omen zuen ikusi ere egin nahi. Behin batean, Arzubitik ogiarekin zetorrela,
Larratze aldean guardia zibilak sumatu omen zituen eta eskuan zituen ogiak sasira bota
omen zituen, kenduko zizkioten beldur.
Aita Antonek Caf-en “Kazen” lan egiten omen zuen, Malkasko aldeko montajean
Kalakaseneko Zelestino gure aita zenarekin-eta. Parrilladun txirrinduaz joaten omen zen
lanera. Mendian ibiltzeko ohitura ere bazuen perretxikotan eta mantzanillatan
Bedamaburun, Agautzen, Marumendi eta Lareo aldean. Itzulerakoan, Aietziogoikoan sartu
gabe ez zen izaten, tarterikoak baitzituen. Bera aita Inazio (itsututa hil zen) joaten omen zen
Aietziora lanean laguntzera.

Gerra sartu zenean, bere aitari buruz Maiterek ez zekien gauza batzuk aipatu dizkio
gure ama Jexuxak: 1936ko uztailaren 24an Anton Bone bezperan Agautz aldean zebilela,
Marumendi/Lareo alde horretan “soldaduk eltxoa bezela dare” esan omen zion Aietzioko
sukaldean gure aitajaun Diego Antonio Barandiarani.
Maiterek dioenez, Santiago egunez, Nafar erreketak herrian sartzean, aita Aldarreta
aldera joan omen zen ihesi, handik gorabehera guztiak garbiago ikustearren. Bide batez,
bere aitak zer politika ote zuen galdetu dit.
Gogoan omen du, gerra ondorenean, Kalostraundin San Quintin batailoiko soldaduak
egon zirenekoa.
Azintzio Aierbe Lareon txondarra egiten aritu zenean, tarteka Maitere-eta joaten
omen ziren laguntzera.
19:30ak aldera jende gehiago agertu da agurtzera: Mertxe Bilbao, bere alaba eta
honen mutila, Rafaeleneko alaba bere mutilarekin eta Mertxeren senar Bixente ere bai
geroxeago. Tartetxo bat elkarrekin eman dugu eta agurtzekoan Aranburueneko Miren
Aierbe Urdangarin ere azaldu da.
Ezkaratzeraino lagundu digu Maiterek eta bertan argazki batzuk atera eta agurtu
dugu elkar. Maiterek gaur du azkeneko gaua bere jaiotetxean; Boenen. Palentziara doa
bizitzera, semearen albora; bigarren semea, Karlos, Iruñean bizi da Aiztondoko Bittori
Arruabarrena Barandiaranekin.
Bidean Kotxera parean Maria Jexux Imaz, bere ahizpa Maria Jose eta Felixekin egin
dugu topo. Joxe Gandarias ukuiluko atean zeukaten zain.
Ilun-lakaxtu du. Ez dago hotzik. Alargunsoro aldeko Musasagatik erreka-hotsa dator.
Birigarroa kantuan ari da. Udaberria ez da aparte izango.
Merezi zuen bixitak. Boeneko azken ataundarrari diosala eta agurra egiteko garaia
da. Laster arte, Maitere!
Maitere Palentziako Frómista herrian hil zen 2015eko ekainaren 17an 77 urterekin.
Jexux Aizpurua Barandiaran

About atauniker

Ataun ikertzeaz arduratzen den taldea.

No comments yet... Be the first to leave a reply!

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: