Ohorezko bazkidea

Ohorezko bazkidea:

Enrike Zurutuza Altolagirre, albaitari eta euskaltzale

“Joxemiel”

(Ataun, 1917- Azpeitia, 2010)


Ataungo Arinberriaga zeharreko Ariñaundi baserrian jaio zen 1917ko uztailaren 14an. Txiki-txikitatik izan zuen ikasteko gogoa eta gurasoek bultzatuta ekin zion ikasteari. Albaitarigintzan jardun du bizitza guztian, Zaragozan ikasketak amaitu ondoren. Hala ere, unibertsitatean ikasitakoa bertatik bertara egiaztatu nahi izaten zuen eta hainbat  saiakera burutu zituen. Garai hartan ernalketa artifizialaren inguruan, beste batzuen artean, aitzindari izan zen.   Lanbidean hasieran Eibarren eta, gehienbat, Azpeitian jardun zuen.
Garai hartan Azpeitian herriko kargu nagusietan ataundarrak zeuden: Hilario Bereziartua musika-bandaren zuzendari, Kaxiano Garaialde apaiz, Felipe Arin epaile eta Enrike bera albaitari.

Baserritarrei laguntzeko beti prest. Kanpoan gertatzen zenarekin erne, baldin eta honako baliozkoa izan bazitekeen. Eta aitzakia horrekin inguruko azienda-azokatara antolatzen ziren bisitaldietan bera izaten zen gidari.

Gerra ondorenean,  euskararen bultzatzaileetako bat izan zen.

1954an hasten da bere lehenengo euskarazko lanak argitaratzen Euskal Herriko Adiskideen Elkartearen LUBERRI izeneko aldizkariaren lehendabiziko alean.  “Iru baserritarrekin izketan” eta “Jose, Jose… aguro gure etxera” izeneko artikuluak idatzi zituen.

Irratigintzan Maria Dolores Agirre, Manu Oñatibia, Joxe Mari Etxebeste, Esteban Agirretxe “Begiaundi” eta Basarrirekin urtetan jardun zuen La Voz de Guipuzcoa irratian, ostiral arratsaldeetan 20:00/20:45 bitartean; Joxemiel zen bera eta Don Antoniorekin elkarrizketa xume, alai eta jakingarriak izaten zituen. 1957 aldera hasi ziren Donostiako Caja de Ahorros Municipalaren medioz eta  26 urte iraun zuen lanaldi hark. Jose Antonio Agirre Lehendakariak ere Parisetik eskertu zuen euskararen aldeko ahalegina eta zoriondu egin zituen.
GOIZ-ARGI aldizkariaren kosortzaile izan zen 1958an Manu Oñatibiarekin batera. Bi  ale horietan idatzi zituen, 1958 eta 1959an hain zuzen,  “Ganaduaren sal-erosketak“, “Izkutuko ajeak” eta “ Praixko bei erosten” izeneko artikuluak. GOIZ-ARGI Arantzazu aldizkariaren eranskin gisa zabaltzen zen.

Hain zuzen, 1974ko ekainaren 9an Donostiako La Voz de España egunkariak euskara hutsezko orrialdea argitaratzeari ekin zion. Hala zioen lehendabiziko hitzaurrean:
“Izan leike, irakurle gaur orri onen aurrean, piska bat arrituta zu gelditzea. Orri osoa euskeraz alajañetan –esango dezu zure baitan – bai, orri osoa euskeraz, bañan au utsarekin ez gera kontent geldituko.

Beste piskatxo bat ere esan nai genizuke. Eta danen gañetik, orri au ez dala azaltzen horrela, burua jaso eta segituan bereala urpetzeko…

…Igandero-igandero orri onetatik euskaldunarekin egoera bat egitea…

Orretarako, baserria buruz buru iñork bezin ondo ezagutzen duten bi gizon argik astero agertuko dituzte bere idatz lanak orri onetatik. Oi biak dira: Basarri eta Zurutuza jauna. Oien bien lanakin beteko ditugu orri onen lekurik mardulenak, mamitsuenak. Gero, noiztik noizka, len esan degun bezela, beste hamaika idazle…

Bidea ireki degu eta balantzaka-balantzaka bada ere –ume txikien gisan- aurrera segitzeko zuen begiramenarekin kontatzen degu “.
Lehenengo ale honetan, Basarrik NIRE BORDATXOTIK atal ospetsua ireki zuen eta Enrike Zurutuzak, berriz, Arria eta Errekartexo harri-jasotzaileei elkarrizketa egin zien. Alboan Santiago Aizarnaren “Gizonaren jolasak” izeneko artikulua era badator.

Aipaturiko aldizkariez gain, hainbat artikulu idatzi zituen euskaraz nahiz gaztelaniaz La Voz de Españan, Diario de Navarran eta Hoja de Lunes-en. Han eta hemen idatzitakoak bilduz, 1000 artikulu inguru idatzi zituen;gehienbat nekazaritza eta abeltzaintzaz dira, baina badira euskal kultura eta ohiturei buruzko hainbat ere.
Antzerkigintza ere jardun zuen. 1960-64  aldean Antxieta  taldeak eskatuta bi antzezlan idatzi zituen: Odol-eskeintza eta Berri on izenekoak.
1977an UEUn Ganaderitzaren posibilitatean Euskal Herrian izeneko hitzaldia egin zuen. Donostiako Kaputxinoenean, berriz, Asisko Frantziskori buruz.
Joan Arin Dorronsoro ataundar etnologoarekin lankidetzan jardun zuen, batez ere, ardien gaitzen inguruan.
Joan Goikoetxea euskaltzain urgazle nafarrak baserriz baserri ezizenak bilduz egin zuen ikerketan lankidetzan jardun zuen.
1997an Loiola-Donostia  Herri Irratietarako Manu Oñatibiaren heriotzan izeneko lana egin eta grabatu zuen,
Azken urteotan, 1999an,  ETUMETAKO BASAJAUNA  Arakistainen lana itzuli zuen euskarara.
2008an, berriz,  Felipe Arin Dorronsoro ataundar epaileari buruzko biografia argitaratu zuen, ATAUNIKER elkarteko bazkide izanik.
Hala ere, ez zegoen lan guztiak albora utzita; artzaintzaren inguruko hiztegia prestatzen ari zen.
Ataungo ATAUNIKER eta Azpeitiko BAITE elkarteetako OHOREZKO BAZKIDE ere bazen.
Euskal kulturaren ibilbidean, ikur distiratsuenetako bat  izan da Enrike Zurutuza Altolagirre ataundarra; gogoan dugu!


Advertisements
%d bloggers like this: