ATAUNGO BASO AUTOKTONOAK eta beste kontu batzuk…
Hitzaldia
2022ko otsailaren 24a, 19:00etan
Ataungo udaletxeko batzar-aretoa
Hizlaria: Garazi Auzmendi Arkarazo
Basoak gure lurraldean bere kasa hazten den landarediaren etapa garatuenek osatzen dituzten ekosistema konplexu bezain aberatsak dira. Baina gaur egun Ataunen aurkitu ditzakegun baso autoktonoak ez dira beti gaur ezagutzen ditugun bezalakoak izan, ezta eremu berean garatu ere.
Azken ehundaka eta hamarnaka mila urteetan zehar Ataungo klima asko aldatu da eta bertako landaredia eta bestelako bizidunek testuinguru bakoitzeko baldintzetara egokitu behar izan dute. Bilakaera horrek gaur egungo baso ekosistema anitzak sortu ditu: artadiak, hariztiak, haltzadiak, pagadiak, ameztiak… Gizakiak paisaian eragindako aldaketek baso naturalen hedadura eta naturaltasuna murriztu eta hauen ondare naturala mugatzea eragin dute.
Ataungo toponimia bera gizartearen eta basoen arteko harreman historikoaren testigu aparta da. Mendeetan zehar basoan eta basotik bizi izan gara eta hori gure identitatean, kulturan eta hizkuntzan islatu da.

No comments yet... Be the first to leave a reply!