NONDIK 41eko ARTIKULU OSAGARRIAK:
NONDIK 41a Ataungo herri-aldizkaria, dagoeneko, kalean. Herriko etxe eta baserri guztietara zabaltzen ari gara. Osagarri gisa, NONDIK atalean aurki daitezke hiru artikuluren eduki osoak.PDF-z jaso nahi duenak ataunikertaldea@gmail.com-en eska beza!
IRUMUGAETAKO MUGARRIA
DOTOREA ETA IKUSGARRIA
“Nun sar, nun sar? Eta deanlekun sar tzak!
Askotan entzun dugu Irumugatako mugarriaren inguruan, behin norbaitek atera eta, ondoren, bere arima non sartu ez zekiela etsita ibiltzen zen haren esaunda. Baina esaunda edo legenda gehienen barruan, gertatutako zerbaiten aztarna izaten da eta hauxe da Irumugaetakoaren historia, ez istorioa.
Lehenik esan behar da, Irumugatako mugarria Beritzetako gainean dagoela eta antzinako dokumentuetan IRUMUGAETA izenez azaltzen dela.
Egia esan, nahiz eta guk oraingoa ezagutu, tekela asko izan da urte askotan mugarrien inguruan.
Hona, beste gorabehera batzuen artean, jaso ditudan zantzuak.
1777an jarritako mugarria (Echarri Aranaz, Burunda eta Villa de Ataun)
AUA (178-04)
1791ko maiatzaren 9an udaletxean Jose Joaquin de Beguiriztain alkate-ordea.
1790a ezkeroztik mugarria kendu eta berria zegoela jarrita jakin zen 1791ko udan eta alkateordea testigantzak jasotzen ziren:
1.- Ataungo Andres de Goicoechea (60 urte) maisu-hargina: duela 10 urte jarri zela, Lorenzo de Ibáñez Etxarriko eskribaua eta Sebastian de Abalia, Markesaren maiordomoa ados izanik.
Askoako gainetik hasi ziren mugarriak inongo markarik gabe jartzen, baina Irumugatara iritsi zirenean, Burundarekin muga egiten zuenez, Jose de Galarza eta laguntzaile batekin jarri zuten: bi oin luze (Comunidad de Aranaz – Vª de Burunda – Casa de Lazcano).
2.- Francisco de Zabala (38 urte).
3.- Tomas de Imaz de Aldasoro. Duela hamalauren urte Berzitzetatik pasatu zela ganadu bila eta han ikusi zuen mugarriak gainean gurutzea zuela eta alboetan VilladeAtaun, Valle de Burunda eta Villa de Echarri zituela eta hala esan Phelipe de Imaz de Aldasorori
4.- Jose de Galarza (60 urte) Ataungo hargina. Andres de Goicoecheak agindu ziola, Uztegiko Juan Migelekin batera hare-harria bilatu eta 6 oin luze eta hiru albodun mugarria egiteko eta hizkiak “de buencarácter y claralectura” Casa de Lazcano, Echarri-Aranaz eta Valle de Burunda jartzeko. Inguruan atera zuten harria eta “… concincel y trincheta-rekin” garbitu eta agindutako hizkiak jarri zizkioten.
Uztegiko Migel Atxurrenean bizi zen maizter.
Hala, eraman zuten mugarri berri hori eta Andres de Goicoecheak aginduz, Jose de Galarzak eta Migel mugarri zaharra bere lekutik atera, txikitu eta ordezko berria jarri zuten, Villa de Ataun-en ordez Casa de Lazcano ezarrita.
1791ko maiatzaren 10eko testigantzak:
1.- Tomas Ignacio de Arratibel (42 urte). Urruti egon arren, behin baino gehiagotan izan zela ganadu bila, beti ezagutu zuela mugarria gainean gurutzea duela; ez daki irakurtzen ezta idazten ere. Harrezkero beste mugarri bat ikusi duela eta Burundako batzuei entzun diela, Ataun aldetik Casa de Lazcano jartzen duela.
2.- Juan Ignacio de Altolaguirre. Duela 12ren bat urte bazuela liho-soroa Irumugaeta aldean, baina irakurtzen ez dakienez, ez dakiela zer ipintzen zuen. Baina, duela hilabete, Echarriko Juan Antonio Apalateguiren oholak ekartzera joan zenean, beste berri bat ikusi zuela.
3.- Alkateordeak entzundakoak entzunda, berriro Andres de Goicoechea deitu zuen. Berak harri beltzez margotu zituela harrian hizkiak. Abalia jaunak esan ziola jartzeko, nahiz eta berak ez jakin zergatik.
Alkate-ordearen auto edo erabakia: Casa de Lazcano kentzeko eta Villa de Ataun jartzeko agindua. Eta Jose de Galarza hargina eta Ignacio de Barandiaran eskribaua Irumugaetara joan ziren mailu eta trintxetarekin (hizkiak: Ataun 11, Echarri 12koa eta Burunda 11ko ontzako zabalerarekin).
1791ko maiatzaren 11n egin zen aldaketa.
1791ko maiatzaren 15eko testigantzak:
1.- Ignacio de Dorronsoro (26 urte). Bere aita Juan de Dorronsororekin Etxarritik arraun-karretoan zebilela, Irumugaetatik 5-6 aldiz pasatu zela eta horrelako momumentuei dien miresmenagatik, arretaz begiratu zuela mugarria duela 12 urte.
Eta iaz, berriz, beste bat zuria eta altua zegoela konturatu omen zen eta jartzen zuena: Juan Ignacio De Altolaguirreri entzunda, Andres de Goicoechearen aginduz, Jose de Galarzak jarri zuela.
Ez zekiela irakurtzen eta idazten, eta Pedro de Tapiaren “doctrinacristiana” eman omen zioten udaletxean eta pasarte batzuk aise irakurri omen zituen.
1791ko maiatzaren 16ko testigantzak:
1.- Juan Antonio de Urrestarazu. Gaztetan ganaduzain ibilitakoa Irumugaeta aldean eta duela 13 urte ikusi zuela mugarria eta behin baino gehiagotan entzun duela, Andres de Goicoecheak eta Galarzak jarritakoa dela
1791ko ekainaren 2ko autoa.
- Villafranca-ko eskribaua, Fº Ignacio de Mujica (58 urte),Irumugaeta izan dela jakin dutela eta zertan ibili zen azaltzeko, testigantza emateko agindua bidali zitzaion.
AlgoazilakArzufiako zubian ikusi eta Kontzejupera joateko agindu zion, baina eskribaua alkate-ordearen etxera joan zen hasieran eta azkenik aiurri zegoenudaletxera.
Testigantza: Markesaren mendizain zen Marcos de Zeberioren seme eta suhiarekin zaldiz izan direla Lapurbide eta Berrenoa aldean, duela lau ordu. Markesaren administratzaile Nagusi zen Antonio de Oñatibiarekin izan zela Lapurbide eta Berrenoan. Ikusi dutela mugarria eta aldatuta dagoela Casa de Lazcano kendu eta Villa de Ataun jarrita. 1971-72n ere ibili zen mugarriak jartzen, Ataungo ordezkaririk gabe.
1791ko abuztuaren 18a.
Joaquin Tomas de Beguiriztain alkate-epailea etorri da.
- Andres de Goicoechearen testigantza: Villafranca-ko Antonio de Nazabal hargina entzuna ziola Allekon eta Irumugaeta izanda zegoela Markesaren aginduz. 1759-67 bitartean ere ibili zela Lorenzo de Ibáñez Etxarriko eskribaua eta Sebastian de Abalia markesaren maiordomoaren aginduz. 1777an Martin de Jauregui zena ere han zela. 1780an Irumugaeta eta Askoa artean mugarri bat mugitu zuela Abaliaren aginduz eta Ataungo ordezkaririk gabe.
1791ko abuztuaren 19a.
Marcos de Ceberioren testigantza: ez dakiela zer galdetzen zaion, inongo mugarririk jartzen ibili ez delako. Dena dela, Zestoan bainuak hartzen ari zela entzun zuela iazko Santiago egunez, Antonio Oñatibia, markesaren administratzaile orokorra, nafar batzuekin Beritzetan izan zela eta pentsatzen duela zertan, mugarria jarri zutela entzun zuela gero eta ez dakiela zergatik.
1791ko abuztuaren 20a
Miguel de Beguiriztain deAyaarrekoaren testigantza: entzunda duela Beritzetako gainean alde batera erorita zegoela mugarria eta zuzen jarri zutela, baina ez daki nork. Eta Juan Antonio de Mujikaren aginduz, Diego Antonio de CeberiorekinIrumugaeta mugarria ikustera joan zirela.
1791-08-21
Miguel de Dorronsoro de Achurrenea-ren testigantza: 1790an markesaren administratzailearen aginduz zela jarri zela 1790an, gurdian Nafarroako Irarigorritik eraman zuela mugarria, Andres Goicoecheak esanda eta zaharra ere ikusi zuela eta ez zuela ulertu.
1791-08-24
Diego Aº de Ceberioren testigantza: duela urtebete, Antonio Oñatibiaren aginduz, eta bertan Villafranca-ko Mariarasko Manuel bertan zela, Lapurbideko gainera joan zirela; baita Burundako Urdiaingo alkatea ere. Echeverria eta erregidorek, Martin de Albisu Burundako eskribaua eta Iturmendiko hargin bat eta mugarria jarrarazi ziotela.
Jexux Aizpurua Barandiaran
LUISTARRAK ETA BASERRI GAZTEDI
Inguruko beste herrietan bezala, Ataunen ere makina bat mutil koxkor eta gazte ibili ginen garai batean luistarretan (Congregación de San Luis Gonzaga) eta Baserri Gaztedin. Elizaren babesean biak, besterik ez zen eta.
Atzera begira jarrita, luistarretan komunio handia egin ondoren sartu nintzela gogoratzen dut, 1952 urtearen bueltan. On Francisco Ezkurdia parrokoarekin ibiltzen ginen, On Prudencio Auzmendirekin ere bai urte batzuk geroago. Martin anaiarekin joaten nintzen. Denak mutilak ginen, noski –neskak Mariaren alabak taldean zeuden, mojekin–, euskeraz egiten genuen dena, eskolan ez bezala, eta saltsa askotan ibiltzen ginela akordatzen naiz. Igandetan, bezperetatik atera eta saloian pelikulak jartzen genituen; hor ibiltzen ginen gu, batzuetan portero, beste batzuetan entradak saltzen… Horri esker ezagutu genituen Garikuper, Kirduglas eta gainerako pistoleroak. Sarrerak ez genituen garesti kobratzen, baina oso gogoan daukat nola baten batzuei pelikula dohainik ikusten uzten genien etxean zinerako dirurik ez zeukalako. Garai latzak ziren.
Saloian zine emanaldiak bakarrik ez, txistularien eta dantza-taldearen emanaldiak ere izaten ziren. Eta antzerkia ere bai; ni neroni ez, baina gogoratzen ditut aktore-lanetan bat baino gehiago…San Luis egunean autobusa hartu eta kanpora egun-pasak egindakoak ere bagera, “A conocer la Iglesia y a hacerlaconocer” lema zeukan pankarta autobusaren aurrealdean jarrita.
Gauza formalagoak ere egiten genituen, ez pentsa. Hilabeteko azken igandean eskapularioa jarrita joaten ginen mezetara. Haiek ilarak gero konfesioa hartzeko!Eta urtean behinbilera inportantea ere egiten genuen sakristian, urteko kontuak azaldu, egindakoari buruz esplikazioak eman… Lagun-talde polita geneukan.
Baserri Gaztedi ere sortu zen Ataunen, nik 18 edo 19 urte nituela, 50eko hamarkadaren bukaera aldean. Luistarren taldea utzi gabe, horra ere egin genuen salto, oso modu naturalean egin ere. AcciónCatólicaren barruan, Balentin Zamora apaizak bultzatuta sortu ziren horrelako taldeak Gipuzkoako herrietan –gero tokatu zitzaidan hura ezagutzea, gizon azkarra!–, baserri munduko neska-mutil gazteok sozializatzeko eta formatzeko, beti ere, kristautasun giro batean. Lehenengo bileratako bat izango zena gogoratzen dut, Lizarrustiko gainean elkartu ginen, modu erdi-klandestinoan. Iinguruko herrietatik ere etorri ziren, eta zer egingo genuen, nola…, horrelakoez hitz egin genuen. Martxan jarri ginen.
“Ikusi, aztertu eta ekin” zen Baserri Gaztediaren leloa. Egia esan, nik ez dut bilera edo hausnarketa sakonetan parte hartu izanaren kontzientziarik –“ikusi eta aztertu” hori beharbada zaharxeagoek egingo zuten–. Hori bai, Eibarko Arraten egin genuen bi edo hiru eguneko egonaldia gogoratzen dut, Gipuzkoako beste herrietako gazteekin, formazio moduko bat edo; taldetxoa joan ginen Ataundik. Hortik aurrera, “ekintzak” gogoratzen ditut, askotan inguruko herrietako gazteekin batera antolatutakoak.
Ikusgarrienak Baserri Gaztedi egunak izaten ziren,egun osoko festak, bailara mailakoak. Horiek prestatzen ibiltzen ginen buru-belarri: meza (noski), bazkaria, txistulariak, bertsolariak, dantza txapelketak, antzerkia, erromeria…Bi gogoratzen ditut bereziki, bietan tokatu zitzaidalako bertsotan egitea. Bata,Larraitzen egin genuena,eta bestea, Legorretan antolatutakoa. Larraitzekoan, gainera, sustoa izan genuen guardia zibilarekin. Izan ere, egunean bertan, dena prestatuta zegoela, hara non esaten diguten guardia zibila Larraitzera joatekotan zela festarako permisoa falta zitzaigulakoan! Kotxea hartu eta zein baino zein azkarrago joan ginen Abaltzisketako alkatearengana laguntza eske, hark emana zigulako baimena. Baimena emana bai, baina telefonotik, eta antza horrek ez zuen askorik balio gobernadorearen aurrean… Nola ez dakit, baina konpondu zituen hark konpondu beharrekoak, eta normal egin ahal izan genuen Larraitzen aurretik pentsatutako guztia. Eta oso giro ederrean, gainera.
UrteroArantzazura egiten genituen gaueko martxak ere oso presente dauzkat. Bezperatik joaten ginen eta hamaikak aldera Gipuzkoako herri guztietatik etorritako mutilgazteak biltzen ginen Oñatiko plazan, Baserri Gaztedikoak eta Baserri Gaztedikoak ez zirenak; plaza jendez lepo egoten zen. Udaletxeko balkoitik apaizen hitzaldiak entzuten genituen: On Eugenio Agirretxe (erderaz) eta On Manuel Odriozola euskeraz. Ederrak hitzaldiak! Han bildutako gazteen ordezkari batek ere hitz egin ohi zuen; urte batean Martin anaiari tokatu zitzaion hizlari izatea. Entzun beharrekoak entzun, eta han abiatzen ginen Arantzazu aldera, barruko poza eta emozioa ezin ezkutatuta. Han goian martxari bukaera eman, eta buelta Atauna, autobusean normalean, baina noizbait vespan era bai…
Baserri Gaztediaren bueltan ibiltzen ginenok auzolanean egiten genituen lanak ere aipatu beharko lirateke.Oso ondo gogoratzen dut eliza ondoan zegoen lur zatia kanpofubolabihurtu genuenekoa. Patricio Echeverriarengana joan ginen laguntza eske, eta atxurrak, palak eta pikotxoiak utzi zizkigun lanerako; TalleresKerejetakoek, berriz, txapak eman zizkiguten zelaiaren bueltan jartzeko. Arazoak izan genituen behin euriarekin, baina azkenerako lan polita egin genuela uste dut.
Eskolako, baserriko eta Elizako betebeharraz aparteezer gutxi zegoen egiteko garai hartan, eta luisetan eta batez ere Baserri Gaztedin ibiltzeak gauza asko eman zizkigun. Hori ere Elizaren babesean, noski, baina beste giro batean, beste modu batera. Jende asko ezagutu genuen, amistade handiak egin genituen, Ataunen bertan eta inguruko herrietan, eta gainera, giro berezi batean, elkartasunezkoa, sanoa, euskalduna. Baina, batez ere,formazio bat eman zigun, ikuspegi bat, gizarte mailan gauzak egitekogogo bat. Ni neroni, Beasainen fabrika batean hasi nintzenean, On Segundo Dorronsoro ataundar apaizarekin ibili nintzen Beasaingo parrokiaren bueltan sortutako talde batean. Lanean gauzak beste modu batera egiteko bideak aurkitu nahi genituen, eta hortik etorri zen Poyam kooperatiba, gero Amporekin elkartu zena. Eta ni bezala, beste ataundar asko ibili ziren han eta hemen, bakoitza bere bidean, dela baserria, dela enpresa, politika, ikastola mundua… Han ikusi, ikasi eta bizitakoa betirako geratu zen gutako askorengan.
Nicolas Barandiaran Zurutuza
ASPALDIKO BATEAN
Joan berri den uda honetan ETB1en Frantziako Tourra ikusten ari nintzela, mendiko etapa bat, Bahamontes entzun nuen. Euskaraz ari ziren, jakina, baina Bahamóntes esan zuten ahots-azentuaren indarra ó horretan jarriz, gazteleraz egiten den bezala, noski, Federico Martin jaunari bere jatorriko hizkuntzan dagokion bezala.
Bazkalondo beranduko jubilatu lozorroaren zokoren batetik jeiki zitzaidan, berehala, gure gaxte-denborako Bahámontes hura, bai, ahotsaren azentua bigarren ó horretan jarrita. Orduan, eta auskalo nire memoria zaharraren ze irristada zela medio, bertantxe entzuten hasi banintz bezalaxe gogoratu zitzaidan gure maisuetako batek sarritan esandakoa, alegia, guk euskaraz hitz egitean ez genuela batere errespetatzen Gaztelaren autoritatea ezta gazteleraren jatorrizko elegantzia eta harmonia ere. Beste garai batzuk ziren baina… ez hainbeste ere.
Nolanahi ere, eta gure maisu haren txepelkeria kritikatzen hasi baino lehen, esan dezadan ezen, nire iritzirako bederen, beste askok hitz lerdetsu leunez eta zurikeriaz praktikatzen zuten konkistadoretza, hark, gainera, formulatu egiten zuela… eta hori, gutxienez, eskertzekoa da! Dena dela, gainera, euskarari zegokionez ez zen hain ipurtestua, ez behintzat uzkerrak ere gazteleraz entzun beharra izaten zuten haietakoa. Benetan zaila da hitz gutxitan argi esplikatzen gaztelerarekiko garai hartan genituen gure hartuemanak. Halere, apur bat argitze aldera, axal-axalki xehetasun batzuk:
Aspaldiko gure gaxte-garai hartan, guk, errespetatu, errespetatzen genuen gazteleraren dotorezia, elegantzia eta autoritatea, nola ez ba… ! Batetik maisua zegoen, (eta goiko solairuan maistra), eta haren autoritatearen egurrezko erregelak (artean ez zegoen plastiko arazorik) dezenteko mina ematen zuen. Eta gero, gure hatzak beste eskuan bilduta zilborraren kontra estutzen genituen bitartean, hark, maisuak, penaz bezala, “Lamentableignorancia!” esaten zuen askotan.
Bestetik guardia zibilak genituen. Beasaindik oinez etortzen omen ziren, edo bizikletaz… (LandRoverrak eman zizkietenerako guk eskola utzia genuen) eta gu han, kamio-erdian poteketan, ezkutaketan edo harrapaketan, edota gora eta behera bizikletaz, nahiz errekan esku-arrantzan… ez ziguten bake onik ematen. Eta haietariko bakoitzaren autoritateak kilo pare bat inguru pisatuko zuen behintzat! Errespetua, ongi merezia zuten…
A! Eta zertan gara aspaldiko gure Bahámontes harekin?… Garai hartan, gure artean, asko haren aldekoak ziren eta beste asko Lóroño zaleak, eta eztabaidak eta tekelak amaigabeak izaten ziren, kiroletan beti tokatzen den eran. Eta inguruan suertatzen zenean eta tarte bat harrapatzen bazuen, tutik ulertu ez bazuen ere, hor hasiko zitzaigun gure don Alberto zuzentzen: ‘Bahamóooontes!’, ‘Loróoooño!’… Ez alferrik!!… Baina saiatua zen behintzat bere eginkizunean.
Ni ere saiatu izan naiz gure doinu hura, azentu-joko hura, gauzatzerakoan ze logika edo zein arau aplikatzen genituen aztertzen. Baina sekula ez dut aintzat hartzeko emaitzarik lortu. Gauza segurua da gure artean ez genuela inoiz konfliktorik izaten esamodu baten hautua egiterakoan. Eta ez, noski, ziklistekin bakarrik. Erdaraz jasotakoarekin hori gertatzen zitzaigun beti, Ítalia, Alémania, Txekóslobakia, Pólonia … bai, esdrujularen edo, nahi bada, proparoxitonoaren joera bistakoa da baina… zein zen sistema?
Bistan da azken aldi honetan euskararen aria eta haria eten egin direla, horri dagokionez bederen, eta gure aztura haren herentziarik ez dutela jaso gaurko euskaldunek.
Adibide gisa, esateko, Gípuzkoa, Bízkai(a), Náfarroa (Náparroô) eta Arába(!), Lápurdi, Eúskadi, Eúropa… entzuten genuen, eta hala esaten genuen. Gaur ordea Gipúzkoa, Bizkáia, Nafárroa, eta Áraba! (to!! esdrujulatu egin dute! Zergatik ote…?) Lapúrdi, Euskádi, Európa… hala entzuten dut egunero euskarazko komunikabide eskasetan.
Orain, berriz, “Euskára, bihotzetik ezpáinetara”… Baina guretzat “euskára” erdaraz zen. Guk eúskara, don Albertok zioen ignorantziatik, ézpainetan erabiltzen genuen. Egia, aurreragoko arazoak baditugu baina… zergatik ez ote da, euskaraz, azentua aintzat hartu sekula?
Ez dugu jakin gure doinu hura oinordetzan ematen. Zorionak, Don Alberto!! Errespetu guztiarekin: Irabazten ari haiz!
Patxi Apalategi Mendizabal
No comments yet... Be the first to leave a reply!