USATEGIKO KOBARA BISITA (2025-06-08)
Ataungo ondarea ezagutzen Joxemielen aurkikuntzen atzetik
Ataunen ba omen dira bostehunen bat kobazulo, leize eta piztien zulo, guztira, eta, 2025eko ekainaren 8an horietako bat bisitatzera joan ginen mendi-ibilaldi gidatuan.
Irteera hau Atauniker elkarteak antolatu zuen, Arkeologia Ataunen izeneko zikloaren barnean, eta konpainia onean egin genuen ibilbidea, Jexux Aizpurua eta Jon Fontenla antolatzaileak eta gidariak bidelagun. Haien azalpenak entzuteko prest bertaratu ginen Zuberoako Atharratze inguruko Ana Mari eta haren senarra, Ataungo Jexux Goikoetxea, Marijose Imaz, Jazinto Arregi, Iñigo Kerejeta eta haren familia, Beasaingo Ainhoa Urrutia eta Aitor Mendia, Jonen bi umetxo eta ni neu. Geroago agertu zitzaigun, itzulerako bidean, Jon Aizpurua ataundarra.
Hitzordua San Martingo plazan zen, goizeko bederatzietan, baina laurden gutxitan Martxintxo kafetegian geunden gutariko asko, antolatzailea, Jexux Aizpurua, barne. Jada kafetegian bertan eman zidan enkargua Jexuxek, “Izaskun, idatziko dezu zuk gaurkoon kronikea, agorreako eo…?”. Ezin dut ukatu gustura baino gusturago heldu niola etxean lanari, azken hilabeteetan gehien gozatu dudan ibilaldietako bat izan baita.
Bederatziak eta laurden inguruan atera ginen plazatik. Artean lainotuta zegoen, baina antzeman zitekeen gero eguzkia aterako zela. Lehenengo geldialdia Iztatorko bidegurutzean egin genuen, Jentilbaratzari begiratu bat emateko, Jentilbaratza da-eta Joxemiel Barandiaranek bere ikerketa hasi zuen tokia, nolabait esateko; izan ere, aspaldiko toki-izenek, toponimiak, zer pentsatua eman izan dio beti adimen bizia duen jendeari, eta Joxemielek sumatu zuen hor bazela zerbait, izen horren atzean. Jentilbaratza, Ataungo domoaren ertza, historia eta mitoak eskutik helduta bizi diren tokia. Jentilbaratza eta inguruko kobak hasiera izan ziren Ataungo jakintsuarentzat: Aralarren dolmena topatu zuen ondoren, eta gogoz ekin zion aspaldiko gizakia ikertzeko lanari, hasiera batean Enrique Eguren eta Telesforo Aranzadirekin batera. Nire izebak dioenez, Barandiarani berari entzun omen zion esaten “Los tres tristes trogloditas” deitzen zietela garai hartan.
Iztatortik gora, gramineoen artean igo ginen Agerrera, baina behingoz ez zidaten enbarazu handiegirik egin, antihistaminikoa hartuta atera nintzen eta. Behin goran, Agerreko Jexuxa atera zitzaigun atarira, gure izebak gero esan zuena gogoratuz, garai bateko emakumeak bezala, patxada ederrean. Egunonak eman zizkigun, eta konturen bat ere esan zigun, presarik gabe. Ondoren, Jexuxek kontatu zigun Jentilbaratza inguruko koba (kanteran lanean ari zirela suntsitu zena) aztertzen ibili zirela Joxemielekin batera bera eta beste gazte batzuk. Koba aztertzen aurrera egin nahi omen zuten, beti aurrera, hezurrak eta lanabesak aurkitzen zituztelako, baina, halako batean, Joxemielek esan omen zien aurrerago ez egiteko. Gazteek zergatik galdetu zioten, gustura ari baitziren, aurkikuntzak egin eta egin. Baina Joxemielek esan omen zien: “Etorriko die beste batzuk, teknologia hóbekin, eta hoik ingo due”. Arrazoia zuen, noski. Eta jakintsua izateaz gain zintzoa ere bazenez, esan omen zien gazteei galdetzeko herrian eta inguruetan langile batek zenbat irabazten zuen, eta horixe ordaindu omen zien, hogeita hamar pezeta orduko, alegia.
Bueltan itzuliko ginela esan genion Jexuxari, kobara bisita egin ondoren. Beraz, aurrera jarraitu genuen aldapan gora; Iran baserria utzi genuen eskuinetara, eta Ustatxo goikoaren albotik igaro ginen. Behean ikusten genuen Arrondo gure auzoa, eta pentsatu nuen kuriosoa zela hemen bizi nintzen artean ez izatea koba honen inguruko interes handiegirik; iruditzen zait azken boladan piztu zaidala gogoa, eta gehiagoren kasua ere bera ote den susmoa dut, seguru asko herriko ondarea jendearengana gerturatzeko egin den saiakerari esker. Domoaren kanpoko aldean geunden, Ustatxozearra deitzen den tokian, hor baitago kokatuta koba.
Ordubete eskas egongo da Agerretik Usategiko kobara, oinez patxadaz, baina konpainia onean eginez gero, askoz laburragoa dirudi. Jonen semeak, Akaitzek, ez zuen bidea egiten zuen lehenengo aldia, eta arin joan zen aldapan gora. Behin kobaren sarreran, barruan zegoen artalde txikia irtenarazi zuen Jonek xuabe-xuabe, eta, ondoren, kobari buruzko datu batzuk azaldu zizkigun. Badirudi bizitoki-koba bat dela, hau da, jendea bizi izan zen koba bat: sarrera zabala du, barruak egokia dirudi garai bateko “ataundarrentzat” eta leku babesak ere baditu. Duela 27.000 urteko gizakien arrastoak hemen topatu izan dira. Hain zuzen ere, Neandertalen aztarnak topatzeko itxaropen gehien dagoen tokietako bat izan liteke koba hau; izan ere, San Adrianen aurkitu izan dira, eta gertutasun geografikoa kontuan izanik, ez dirudi arraroa hemen ere aurkitzea.
Neandertalen kontuarekin jarraituz, gure espeziearen eta haien arteko harremanari buruz aritu ginen; zalantzarik gabe, harremana egon zen, gure DNAren % 5 espezie harena delako, baina zaila da zehaztea zer nolako harremana izan zen: Kromagnonak mendean hartu zuen Neandertala, espezie horretako emakumeak bortxatu zituen eta pixkanaka galbidera eraman zuen? Edo lankidetza egon zen bi espezieen artean, eta Neandertala ahulagoa zelako desagertu zen? Badirudi orain arteko teoria hori ere, Neandertala gu baino inozoagoa edo zela dioena, ez dela egia, agertu diren lanabesek eta abarrek erakusten dutenez…
Espezieen arteko eta espezie barneko lankidetzaren kontuekin jarraituz, Ainhoak planteatu zuen galdera erretorikoan murgildu ginen, eta onartu behar dut oraindik ere hor murgilduta nagoela neurri batean: zer da zibilizazioa? Elkarri laguntzen dioten pertsonen taldea da, gizarteko ahulenak babesten dituena. Eta frogaturik dago kobazuloetan bizi ziren pertsona haiek elikagaiak mastekatzen zizkietela hortzik eta haginik ez zutenei, edo zaindu egiten zituztela hezurrak hautsita zituztenak. Horra hor egia borobila, nire ustez: zibilizazioa ez dela aurrerapen teknologikoak dituen hori, baizik eta pertsonaren izateari (edo izan behar genukeenari) loturiko zerbait. Zibilizazioa eratuko dugula zibilizatuak garen artean, alegia. Eta Darwinen eboluzioaren teoriak dioen arren ingurunera hobekien egokitzen dena aterako dela aurrera, borrokan irabazten duenak lortuko duela emakumea edo izango duela etxerik edo lursailik onena (adimen artifizialik onena, eta abar), eta haren ezaugarriak igaroko direla ondorengoengana, “zibilizazioaren teoriak” esaten digu gure espezieari loturiko ezaugarria dela, era berean, ingurunera hain ondo egokitzen ez den laguna babestea eta zaintzea ere. Horra hor betiko kontraesana, beraz.
Usategiko koban, lehen izan zirenek guretzat gordeta dituzten mezuak errazago ulertzen dira, eta historia eta arkeologia, Jexuxek eta Jonek azalduta, gure gaur egungo bizitzak eta erabakiak bidera ditzaketen altxorrak direla iruditzen zait. Horregatik bilatu nahi ditugu erantzunak, nola bizi ziren, zer egiten zuten bizirik irauteko, zergatik egiten zuten borroka edo nola laguntzen zioten elkarri. Horrek mugiarazten ditu historialariak, arkeologoak, antropologoak, gu geu… Beraien bizitzeko grina, borrokarako joera, babesteko nahia, laguntzeko borondatea, gureak ere badirelako, milaka eta milaka urte igaro diren arren.
Koba hau, gainera, babesleku izan zuten gerra garaian pare bat ataundarrek, Nafarroatik reketeak sartu zirenean ihesi joan baitziren. Hor ere egongo dira historiak: nork eramaten zien jatekoa, nola egiten zuten lo, zenbaterainoko beldurra pasa zuten, noiz itzuli ziren etxera, zer sentitu zuten garai hartan? Gerra galdu eta ezkutuan egon beharra, agian harrapatuko zituzten beldurrez… Beste galdera bat ere etorri zitzaidan burura: harri hauek gordeko dute hemen bizi izan diren guztien bizitzaren zatiren bat? Pasatako gosea eta hotza, igarotako beldurra, emandako besarkadak, elkarrekin partekaturiko janaria…
Kobara sartu ginen. Paretetan, armiarma marroiez gain, garai batean izaniko itsaso tropikaleko koralen fosilak ikusi genituen, pareta bete fosil, ez zegoen bilatzen aritu beharrik. Kobaren paretetan daude, eta bideko harrietan. Domo osoa fosil bat balitz bezala. Garai bateko itsasoan ibili ginen, garai bateko koralen artean. Gerora, itsasorik ez zegoenean jada, urak bere lana egin zuen harrian, eta zuloz bete zuen Ataungo domoa. Gaur egun kobazuloak dira, eta, garai batean, bizilekuak edo babesa.
Itzulerako bidean eguzkia genuen lagun jada; hizketan iritsi ginen Agerreraino, bromatan tarteka. Zuberoakoak kontentu zirela nabari zen, eta Aldarretako nekazalturismoan egindako egonaldi ederra aipatu ziguten; era berean, euskaraz hitz egiten gustura sentitzen zirela nabari zen, Iparraldean ez baita horretarako aukera handirik. Euskara ez da ofiziala, eta horren erruz ari dela galtzen aipatu genuen, eta gazteek oso gutxi egiten dutela; gai honetan ez ginen asko luzatu, bizitza osoa daramagu eta honi buruz hizketan, gure hizkuntzaren etorkizunaz eta bidean beti izan dituen trabez. Bidean behera gindoazela, “konplizeak” bilatzen saiatu nintzen, artikulu hau idazteko datu guztiak buruan ondo gordeko zituen jendea behar nuelako, eta aurkitu ere aurkitu nituen. Zalantzarik gabe, talde-lanean lortutako emaitza izaten da onena, baita sentsaziorik onena uzten duena ere.
Agerrera iritsi ginen, eta Jon Aizpurua agertu zitzaigun bertan, lehen Jexuxa bezala, eta, haren ingurura bildu ginenean, jentilen urrezko ohegainekoaren historia kontatu zigun. Mitoa edo egia? Zeinek jakin. Historia hau askotan entzun dudan arren, inoiz ez dut hainbeste bizi izan: Agerren geunden, Jentilbaratza bistan, garai bateko pertsonen bizitzari buruzko gogoetak buruan… Ia-ia ikusi egin zitezkeen jentilak Jentilbaratzatik Agerrera jaisten iluntzean, jokora, eta oilarraren lehenengo kantuarekin bueltatzen berriro mendira; eta, era berean, irudika genezakeen Jentilbaratzatik botatzen zituzten harriak noraino iritsiko ziren…
Hamabi eta erdiak ziren ibilaldia bukatu zenerako. Bakoitzak bere bidea hartu zuen orduan: batzuk Beasaina itzuli ginen, beste batzuk Ataunen geratu ziren, Zuberotarrek, berriz, bide luzeagoa zuten… Guztiok gustura sentitu ginen, oso goiz berezia bizi izan genuelako elkarrekin, eta bai lehen eta bai orain, elkarrekin batera igarotako une hauek direlako bizitza bizitzeko arrazoietako bat.
Eskerrik asko Jexux Aizpuruari, Jon Fontenlari eta Jon Aizpuruari, egiten duten lanagatik eta ekainean Ataunen bizi izan genuen esperientziagatik.
Izaskun Egiguren Imaz.

2025/12/11 



No comments yet... Be the first to leave a reply!