NONDIK 50

2025-VI-06 (Giza arrazaren ilunabar tristea…)
JABIER IMAZ AIERBE


Ilundu dituzte egunak,
oldarrez hautsa harrotuz,
eta argitu dituzte gauak
beste etsai batzuek
desagerraraztea nahi izan zuten endakoek,
berez hauts-lugorri idor den
lurraldeko zerrendan,
zenbait erlijiok
sakratutzat duten hartan…
orain arraza hori,

bere askaziek,
ez hainbeste dela,
jasan izan behar zuten herraz
eta jazarpenez ahazturik,

etsai bihurtu zaie

zerrendako biztanleei,
gizatasunik gabeko ahaide
bilakatu dira…
eta  betidanik bertan bizi
diren lurraldearen jabetza  aldarrikatuta, 

Abrahamgandiko anaia zahar haiek
deserreratu nahirik,

erasoz eta oldar bortitzez
lekualdatzera derrigortu dituzte

urte askotan erbesteko biztanle
izan ziren berek…
Suntsitu eta eraitsi
dizkiete etxeak eta ospitaleak
baita ur- eta elektrizitate-hornidura ere,
amaierarik ez duten erasoaldiz;
kanpotik prestatutako laguntzari,
nazioarteko hainbat erakunderenari,
ukatu egiten diote
zerrendarako sarrera,
eta erasoz eta oldarrez
hildako milaka biztanleri,
gosez, egarriz eta  arta mediko ezaz
setiatuta dauden ahulenena
gehitu behar zaie…
Eskualdeko biztanleek,
ezin gehiagoko sufrimenduan
eta kolapsoaren mugan murgildurik,
bizirik irauteko borrokan
dihardute duintasun izugarriz,
ezagutzen den giza-hondamendirik
handiena etsi-etsian
pairatzen ari direlarik,
nazioarteko herririk ahaltsuenak
laguntzen eta bihotz ematen dion bitartean
etsai indartsu eta ahalmentsuek
antolatu duten garbiketa etniko lotsagarriari…
Badira, ankerkeria mutur-muturreraino
eraman duten bihozgabe zitalak ere:
zerrendaren mugetara bidaiatzen
dute, katalejoa eskuetan,
erasoldi, suntsiketa,
eta bertako biztanleen oinazeak
gertuagotik ikusteko helburuz
antolatutako bidaia ezin makabroagoetan…

Eta zuk, gizajende osoaren
multzoko elementu xume,
galdetzen diozu zure buruari
zer egin dezakezun,
haiei sufrimendua arin diezaieten,
lurralde-zerrendako biztanleei
laguntzen diharduten
erakundeei diru-laguntza
apur bat emateaz,
eta sare sozialetan
anaia zapalduenganako
gizagabekeria eta bidegabekeria salatuz gain…
Jabetzen zara, galtzaile baten etsipenetik,
ezer gutxi gehiago egin dezakezula,
galdetzen duzun bitartean
ez ote garen egongo, zoritxarrez,
giza-endaren ilunabarraren atarian,
zu zeu ere desagertzear zaudelarik…

© Jabier Imaz 

2024-XI-1 (Joan zirenen egunean)


Azken oihurik gabe aldendu ziren
gure aurrekoak
argia lausotuta duen
ziurgabetasunaren lurraldean barrena,
arrengurarik gabe eginda gero
bizitzako ibilbide guztia,
Izadiarekin lehian beti,
begiramenez hura erabiliz,
kalteak eginik hari
bizitzen jarraitu ahal izateko soilik
eta ez gehiago izanik,
lotsa ona ekarriz elkarri,
zekiten bezala jakinik
denak zebiltzala lehia berdinean,
eta elkar harturik ez bazuten urratzen bidea
zail izango zutela irautea
bizitzaren oihanean.
Gaur ez bezala sexuaren araurik
moldatzerik ez zegoenez,
guraso izan zirenek
ume askoren berotasuna eta laguntza
zuten gogo beharrezko,
lagun-lehiakide Natura menderatzeko
eta otoitzera elkartzean
suaren inguruko epelean
maitasun iturritzat nabaritzeko.
Gutxi batzuei baizik ez
eman zien bizitzak aukerarik
adimen mehetuaren uhertasunean
oroitzapenak nahas zekizkien,
gaur gizakia zahartzen den bezala
iraun ezin izan zutelarik.
Halere duintasunaren araudia bizituta,
sinesten zuten Jainkoan fedea jarriz,
hari esker ona agertuz,
abiatu ziren bizidunen logikak
zentzurik ez duen eremu itzaltsuetara…
Gaur handik begiesten gaituzte
bizitzarekin haiek eurek izan zuten antzeko lehian,
kriseilu-argi eredugarri dira,
ostertzeko azken argi ederrarekin
ibilbidea amaitu
eta haienganako bidaiari
ekiten diogun tarte guztian.

© Jabier Imaz 

2025-V14 (Izango al da?)

Izango al dugu inoiz barne-bakerik
galtzaile sentitzen garenok?
Izango al da guretzat aberririk,
gure aurrekoek amesten zuten bezalakorik?
Gizakiok gure hizkuntza zahar ederrean mintzo
eta hainbat eta hainbat urte dirauen kulturan bizitzeko?
Ezetz sumatzen dut,
galtzaileei erbestea baizik ez dagokielako,
eta indar erasotzaileek
inoiz baino bortitzago
inarrosten gaituztelako…

Joan zirenen bazka-lekuek soilik
ditut amets orain,
eman ziguten maitasuna
eta besteei lotsa ona ekartzeko
galdu genuen haien irakaspena…ez besterik!
Zer gehiago itxaro lezake galtzaile batek?

© Jabier Imaz 

atauniker's avatar

About atauniker

Ataun ikertzeaz arduratzen den taldea.

No comments yet... Be the first to leave a reply!

Utzi iruzkina