GAURREGUNGO ARKITEKTURA. NORABIDE BERRIAK
XXI mende haseran, arkitekturak desafio berriei aurre egiten die : COVID 19a eta aurrerantzean etor daitezken pandemiak; aldaketa klimatikoa eta ondorioz, lehortea, higadura eta tenperaturen igoera; ingurunearen eta biodibertsitatearen suntsitzea; populazio mundialaren handitzea eta migrazio berriak; eta energia, nekazaritza eta kapitalismoaren krisiak, batik-bat.
Aurreko mendeko 70 eta 80 hamarkadetako arkitektura postmodernoa, hirietako hedapen auzoen eta ondare patrimonialaren kontserbatze lanetarako korronte klasiko eta historizista bilakatu da, baina goiko erronkei ez die erantzuten.
Arkitektura modernotik, bestalde, teknologia berrietan oinarrituta, High tech arkitektura dator, Arabiako petro-hirien zein banketxe eta korporazio boteretsuen mirarien ispilu. Museo, azpiegitura, kultur zentro eta instituzio berrietarako ere aurkitu dezakegu: Berlingo Reichtagean, Bilboko Guggenheim museoan eta metroan, Parisko Arabiar Munduko Institutuaren egoitzan… Detaile sofistikatuetan eta material garestitan dirutza bat gastatzea eskatzen duen arkitektura da, hain zuzen.
Hau dela eta, arkitektura klasiko eta postmodernoaren dialektika gaindituta, tendentzia berriak proposatzen ari dira gaurregungo eraikuntzan eta hirigintzan. Arkitektura jasangarria, hau da, energia kontsumo posible eta sostengarrian oinarritua; Net Zero, karbono ekoizpenik igortzen ez duen arkitektura; egurra (banbu egurra barne), zeramika, adobea eta zumitza bezalako material tradizionalak, teknologia berrien erabileraz berreskuratzen dituen arkitektura neobernakularra edo material birziklatuak erabiltzen dituena (upcycling eta bioarkitektura); ingurune eta paisaian integratzen den arkitektura, landaretza, uraren birziklatzea eta energia garbiak erabiliz (arkitektura berde edo ekologikoa).
Izen batekin edo bestearekin, ingurunearekiko errespetua, energia garbien kontsumo zentzuduna, elkarte, familia eta auzogintza eredu berriak, garraiobide kolektibo eta jasangarrien erabiltzea, osasun neurri zorrotzagoen zaindaritza, arkitektura glokal hauen (globala= munduan zehar zabaldua, lokala= herrialde, ingurune eta toki bakoitzari egokitua) ezinbesteko osagarri dira.
ARKITEKTURA MODERNOA ETA POSMODERNOA
XX mendean, erregimen zaharrak, koloniak eta iragan inperialak galtzen joan ala, gizarte aldaketek arkitektura berri bat eskatzen zuten. Burgesia zaharraren arkitektura klasikoa eta Modernista baztertuz, makinen produkziora, kosteen murriztera eta eraikuntza material berrietara (hormigoi armatua, altzairua eta beira) egokitu zen arkitektura Modernoa.
Eraikuntzaren industrialtze, prefabrikazio eta espezializazioarekin bat dator arkitektura hau, eta era berean, arte abanguardien eragin bizia jasango du bere diseinuak (Dada, neoplastizismoa, espresionismo abstraktua, konstruktibismoa, purismoa, kubismoa, arte zinetikoa, futurismoa). Weimarko errepublika garaian, Dresdeko Bauhaus arte eta diseinu eskolan eman zen diseinu eta industrial ekoizpenaren arteko alkimia hau. Bertan irakasle eta zuzendari izan ziren Walter Gropius eta Mies van der Rohe. Aldi berean, Le Corbusier arkitekturaren mundua iraultzera zetorren, bere machine à habiter eta Unité d’Habitation proiektuekin.
Nazismoaren igoerarekin, Bauhauseko maisuak erbestera abiatu ziren. Mies Estatu Batuetara iritsi zenean, arkitektura amerikarrak Chicagoko eskolaren eta Roosvelten New Deal garaiko New Yorkeko zeru-harraskarien ondarea bazuen eta Frank Lloyd Wrightek proiektu bikainak burutzen zituen. Estatu Batuetatik, arkitektura Modernoa, International Style bezala aldarrikatu zen.
50-60 hamarkadetan, Alvar Aalto finlandiarrak, Jacobsen daniarrak, Ero Saarinen suediarrak, Le Corbusier berak, Bartzelonako eskolako (Coderch, Sostres, Bonet Castellana, Mitjans, Sert) zein Madrilgo arkitekto gazteek (Alejandro de la Sota, Saez de Oiza, Corrales Molezún), toki geografiko eta kulturalari gehiago dagokion arkitektura moderno bat garatu zuten. EUAn, Louis Kahn, Brasilen Luzio Costa eta Oscar Niemeyer, Mexikon Félix Candela eta Luis Barragán, Argentinan Amancio Williams eta Japonian, Kenzo Tange, maisu modernoen zerrenda luzatzera zetozen.
70 hamarkadan, arkitektura modernoaren despertsonalizaio eta estandarizazioari aurre egiteko,posmodernismoaren mugimendu filosofiko eta artistiko-literarioaren markoan, postulatu berri bat zekarten Robert Venturi, Aldo Rossi, Phillip Johnson, Charles Moore, Michael Graves eta bestek, Pop kulturan eta arkitektura Klasikoaren forma historikoetan oinarrituta. Arkitektura posmodernoak, arkitektura berriro identitate, singulartasun eta esanahiz jaztea, ezaugarri egitea, zeukan helburutzat.
ARKITEKTURA KLASIKOA
Lehenengo tenplu eta eskultura klasikoak Greziatik datoz (Ka. V mendean). Alejandro Magnoren heleniar inperioak orduan ezaguna zen munduan zabaldu zuen eta Erromatarrek beraien kultura eta estetika bezala bereganatu zuten. Geroago, Erdi Aroko itzaletan galdu zela zirudien, bainan Bizantziotik eta Islamaren hedapenari esker, Erromaniko eliza eta monastegietan zein Gotikoko katedraletan, Klasikoaren eragina aurki dezakegu, kristau kultura berriaren azpian.
Italiar Errenazimentuan, noblezia kultu eta aberats batek bereizgarri bezala eskuratu zituen klasikoen mitologia, musika uste zutena, filosofia, literatura, artegintza eta arkitektura. Barrokoan, estilo “berriaren” espresioa bere mugetaraino tenkatu zen, Eliza eta Estatu monarkiko absolutisten irudi. Ilustrazioak, aldiz, barrokoaren gehiegikeriak Neoklasikoaren oreka eta armoniara bideratu zituen.
Napoleonen kanpainek greziar eta erromatar eraikuntza eta irudien aztarnak hiriburu berrien museoentzat harrapatzen zituzten bitartean, Erromantikoen bidaia eta jakintza iturrien zaletasunak, XIX mendeko estilo klasiko akademikoa bultzatu zuen, Industrialtze garaiko burgesiaren irudi eta ispilu bihurtzeraino. Aldi berean, Kolonialismoak hizkuntza klasikoa Ameriketara eta munduko beste hainbat herrialdetara zabaldu zuen.
Klasikoak, eraginkortasun harrigarria adierazi du hogeita bost mendetako historian. Betiko eta jatorrizko arkitektura tradizional, mitiko batera zuzentzen bagaitu ere, aldaketa, eragin, definizio eta inbentzio ezberdin ugari jasan dituen hizkuntza estetikoa dela ulertu behar da.
Arkitektura klasikoa betik erabili izan da botereen errepresentaziorako; erreinu, inperio, eliza zein estatu eta erregimen absolutisten irudi, halako kategoria, indar eta ospe baten lekuko. “Klasiko” hitza “klase” gorengo eta perfektuago baten estiloari dagokio, imitagarria eta eredua den hizkuntza, kalitate hobeagokoa. “Klasikoa”, zentzu honetan, “klasista” eta “elitista” izan da. Paradoxa, ordea, hizkuntza estetiko unibertsal bilakatu dela da, jauregietatik burgesiaren etxebizitzetara, elizetatik estadioetara, kolonial estilotik fabriketara.
AITOR MUNDUATE AUZMENDI

2023/11/28 






No comments yet... Be the first to leave a reply!