IKUS-ENTZUNEZKOA

Berriki, ilusio handia egin digun berria jaso dugu. 2022an ekoiztu genuen “Leizeta” izeneko ikus-entzunezkoa Bilbon ospatzen den BBK Mendi Film jaialdian aukeratua izan da. Gogoan izango duzuen moduan, dokumental labur honen helburua Ataungo Domoak ezkutatzen duen natur eta kultur ondarea ezagutzera ematea da, eta bide batez, bere kontserbazioaren alde egitea.

Jaialdia abenduaren 8tik 17ra bitartean ospatuko da Bilbon bertan, eta “Leizeta” Zabalandi sailean proiektatuko da. Proiektuan lanean aritu garen kideak bertan izango gara gure lana aurkezten

ATAUNIKER-ek eta ON Produkzioak-ek proiektu hau aurrera eramateko, Ataungo Udalaren babesa eta Orkliren, Amporen eta Landarlan Ingurumen Elkartearen laguntza izan du. Proiektua gauzatzen lagundu diguten elkarteen artean ezin aipatu gabe utzi saguzarren ikerketan diharduen Naturtzaindia elkartea eta espeleologian adituak diren Felix Ugarte Elkartea. Behar beharrezkoa izan da, baita ere, kredituetan jasota geratu diren bestelako kideen laguntza.

Aukeraketa hau sari handia izan da proiektu xume hau gauzatu dugun lantaldearentzat. Berri pozgarria jaso dugun momentuan berriki utzi gaituen Matias Imaz eta bere familia etorri zaizkigu burura, proiektu hau, hein handi batean, berarekin barrunbe honetara egindako bisita batetik sortu baitzen. Zauden lekuan zaudela, zuretzat da sari hau Matias!

Atauniker Elkartea eta ON Produkzioak

Ikusi trailerra esteka honetan

atauniker's avatar

About atauniker

Ataun ikertzeaz arduratzen den taldea.

No comments yet... Be the first to leave a reply!

Utzi iruzkina